XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eranskina

Euskal Herriko diskagintza 1980-1992

Eranskin honetan aurkezten direnak, 1980-1992 tartean Euskal Herriko kantari eta taldeek argitaraturiko diskak dira.

Lehenago azaldu bezala, kanpoan uzten dira bertako disketxeetan kanpoko taldeek argitaraturiko diskak.

Bai hartzen ditugu kontuan, ordea, Euskal Herritik kanpoko disketxeetan hemengo talde eta kantariek argitaraturiko diskak.

Azken hauei buruz, halaber, ohar bat egin beharrean gaude: Iparraldeko kantari eta taldeei buruz, ez dugu jakiterik izan diskarik argitaratu ote dituzten euskal disketxeetatik kanpora.

Edozelan ere, honelakorik izatekotan, gutxi izango dira, seguru.

Beste muga bat, hartu dugun musika joerari dagokiona da: pop musika deitu dugunera mugatu gara (ska, pop, punk, reggae, folk, kantariak, jazz, plaza taldeak, etab.), kanpoan utziz bestelako diska batzuk (abesbatzak, orkestako musika, etab.).

Azkenik, ez dira agertzen Euskal Herrikoak izan, baina bereziki kanpoko merkatuetara zuzentzen direnak (hala nola Mocedades, Sergio y Estibaliz, etab.).

Datu bilketari buruz, zera argitu behar dugu: iturri ezberdinak erabili ditugularik (Pablo Cabezaren artxibategia, Muskaria eta El Tubo aldizkariak, EGIN eta DIARIO VASCO egunkarietako gehigarriak, Argia aldizkariko urtekaria eta beste batzuk), batzuen eta besteen arteko parekotasunik eza ikusi izan dugu.

Horren ondorioz, ematen diren datu guztien artean okerren bat edo beste izatea gerta liteke; bai eta hutsunerik suertatzea ere.

Alabaina, mugak muga eta akatsak akats, nahikoa fidagarri direlakoan eskaintzen ditugu datuok.